XAGAR

Hitz Galduen Topagunea

AMETSEN UHARTEA - Laugarren atala

Lo egitea ez da oso erraza izan, egun berean inoiz gertatu gabeko gauza guztiak izan ziren, eta banan bana gogoratuz orduak igaro ditut esna. Gaur goizean jaiki, eta gosaldu baino lehen aitarengana noa. Gauza asko ulertu beharra ditut oraindik.

- Kaixo aita.
- Egun on Argi. Zer moduz?
- Orain dutela 5 egun amona hil zutela eta atzo bi basapiztik atxilotu nahi nindutela kontuan izan gabe, oso ondo.
- Argi! Ez da brometan ibiltzeko momentu egokiena.
- Badakit aita, baina ulertu ezin ditudan gauza anitz gertatu dira eta berauen azalpenak behar ditut.
- Horretarako zaude hemen, eser zaituz eta entzun iezadazu.

Eseri aurretik zerbitzariari ebaki bat eskatu eta aitari begira geratu naiz segundu batzuez. Oso zaharkiturik dago.

- Gutunean esan nizun moduan, zure amona Aitor Garmendiarekin ezkondu zen. Beraien erlazioa bukatzean zure amonak beldur asko izan zuen. Aitor Nerearekin ezkondu zenean zure amonak azkar antzeman zuen arriskua. Nereak Aitor erabili zuen Ilargi amonaren informazioa lortzeko. Amona horregatik bizi izan da ezkutuan.
- Emakume horren erruz ez dut nire amona ezagutu!
- Lasai Argi! Esan nizun lez, Aitorrek liburu bat idatzu zuen, amona non ezkutatu zen esanez. Baina Aitor hil zutenean liburu hori Nerearen eskuetara iritsi zen. 
- Aitor hil zuten ere?
- Bai, baina hori ez da garrantzitsua orain. Gogoratzen duzu profeziak zer esaten duen?

Profezia gogoratzen dut, baina momentu honetan ez nuen uste gogoratu beharko nuenik.

- Bai, baina zer erlazio dute amona Ilargik eta Aitorrek profeziarekin? Nik uste nuen historia soil bat zela.
- Ez. Profezia guztiak kontuan hartu behar dira. Batez ere hau.
- Zure amona da profezia gerta ez dadin zer egin behar den dakien bakarra.
- Baina aita, amona hilik dago! Nola nahi duzu informazio hori lortu?
- Amonak ederki zekien arriskuan zela bere bizia, eta ziur nago informazio hori igaro digula. Ez dakit nola, ez dakit non. Baina bizi izan zen lekuan oharren bat edo pistaren bat utzi behar izan zuela pentsatzen dut.
- Baina nola nahi duzu bertara iristea? Horretarako liburua beharko genuke, liburua Nerearen eskuetan dagoela esan didazu, eta "Biharamun Iluna"-ren gotorlekuan sartzea ez da gauza erraza. 
- Badakit, horregatik eskatu dizut etortzeko.

Aitak eskatu ezkero edozer gauza egiteko gai naiz, baina "Biharamun Iluna" taldearen gotorlekuan lapurketa bat egitea egin ditudan ekintzak baino zailagoa izango da. Gai izango al naiz?

- Beraien gotorlekuan sartu nahi nauzu liburua lapurtzeko?
- Ez Argi. Nahiz eta oso ona zaren, zure mailatik gora geratuko litzateke hori. Aitorrek eta Nereak seme bat izan zuten, Mikel. Mikelek urteak aurrera joan hala, emakume bat ezagutu zuen, eta bien ondorengoa da Amets, Aitorren iloba. Hospitaletik etxera zihoazela istripu bat izan zuten. Istripuaren zergatiak ez daude argi, beraz ez nago ziur istripu bat izan zen ala ez. Garrantzitsuena Mikel bertan hil zela jakitea da, emazteak esku bat galdu zuen, eta Ametsek ez zuen zauririk izan.
- Aita, horrekin esan nahi didazu...?
- Bai. Profeziako mutila Amets da. Aitor azkar konturatu zen hortaz, horregatik urte betez, egunero istorio berdin bat kontatu ohi zion, egunero istorio berdina.
- Liburuko istorioa?
- Bai. Ametsek urte bete soilik zuenean Nerea buruzagi den "Biharamun Iluna" taldeak Aitor hil zuen, bere liburua eskuratzeko. Egun hartatik aurrera, amak kontatu behar izan zizkion Ametsi istorioak, baina aitonaren istorioa kontatu arte ez zuen lo hartzen.
- Beraz, Ametsek istorioa ezagutzen du!
- Orain ulertzen duzu zergatik zauden hemen? Amets aurkitu behar duzu! Bera da amonaren jakintzak topatzeko dugun itxaropen bakarra.
- Baina non aurkitu behar dut? Ba al dakizu non bizi den?
- Iparraldeko herri txiki batean bizi da.

PUM

Kanpora begiratu dut, ez dut ezer ikusi. Aitari begiratu diot, lurrean etzanda dago, odoleztuta. Bularrean tiro bat jaso du eta nik ezin izan dut ezer egin.

- Aita, aita! Lasai, ondo jarriko zara. Laguntza! Mesedez, norbaitek lagun gaitzala!
- Ez Argi! Ez dago denborarik, alde egin behar duzu! - arnas estuka ari zait hitz egiten - Herriak Elmek izena du. Bizpairu eguneko bidaia duzu iparralderantz. Azkar joan behar zara, beraiek baino lehenago topatu behar duzu. Joan zaitez, hemen daude! "Biharamun Iluna" taldekoan hemen daude.
- Aita, ez naiz joango.
- Argi, entzuidazu! - eskua lepotik sartu eta lepokoaren soka hautsiaz - Tori hau, beharrezkoa izango zaizu. Orain alde, azkar!
- Baina, aita...
- Segi, azkar! joan zaitez hemendik. Etxearen atzeko aldean dagoen autoa hartu eta joan zaitez. Maite zaitut Argi.

Hitz hauek esatearekin batera bere bihotzak lan egiteari utzi dio. Lepokoa eskuetan hartu eta muxu bat eman diot masailean. Hemendik aldegin beharra dut. Tiro hotsak entzuten ditut leku guztietatik. 

Etxe atzera iristean autora sartu eta iparralderantz noa, nora noan oso ondo jakin gabe. Elmek herrira joan eta Amets aurkitu behar dut.